2009/03/02

Zazpi bide Erribera deskubritzeko (7)

KORELLA-FITERO, GLOBOZ



Airetik ere ezagutu ahal da Erribera. Globoan ibiltzea esperientzia zoragarria da. Benetan polita litzateke ibilaldiak egitea Bardearen gainetik eta hodei guztien azpitik. Baina Bardea momentuz salduta dute eta gerra-abioi batekin topatzea ez omen da esperientzia samurra. Badugu ordea nora jo, Alhama arroa airetik ezagutzera, adibidez.

Ezker-eskuin haize-erroten bi marra zurik marrazten dute ibarra, bata, Montes de Cierzo aldean eta bestea Yerga mendi sakratuan (Erga jainkosaren egoitza baita). Ibarraren herri nafarrak Korella, Zintruenigo eta Fitero dira. Airetik nabarmentzen da Korellako hirigune zahar bildua. Herri hauek mugako herriak dira eta milaka gatazka ezagutu zituzten. Baita kontrabandoko mila historia ere: Korella Baiona txiki bat zela esan zen XVIII. mendean.

Ibarraren bizimodua uraren ustiapenari lotua izan da beti. Aitzinetik soroak ureztatzeko erreten-sare bat antolatu zen. Ura biltzeko aintzirak, hemen estanca deituak, goitik ikusiko ditugu herrietatik hurbil.

Fitero herrian monasterio erromanikoa nabarmentzen da. XVII. mendean fiteroar xumeak herri berri bat saiatu ziren egiten fraideen hatzaparretatik ihes egiteko.

Pixka bat harago, Errioxako mugan, Roscas izeneko haitz harrigarriak ditugu. Kondairak esaten du bazter horietan Goiko deitzen zen neska ezin ederrago bat hil zela eta mendiak kiribildu zirela minez.

Eta azkenik Fiteroko ur termalak. Alhama arabiar izenak esanahi hori dauka. Dena den jendeak Rio mayor deitzen du, oso handia ez izan arren. Hala ere ikustekoa da jasa datorrenean.

No hay comentarios: