2009/02/12

Zazpi bide Erribera deskubritzeko (2)

KAPARROSO-BALTIERRA, AUTOBUSEZ



Iruñeko San Nikolas atean hasten zen errege bidea, Erriberako kamioa deitutakoa, Tuterara eta Aragoira eramaten zuena. Milaka orgazain euskaldunek egin behar izan zutena. Eta bidari askok, era guztietako gurdietan. Guk autobusez egin dezagun, sargoriak eta euliek molestatu gabe.

Kaparroso, Arrigarai-ren sorterria, leku estrategikoa zen errepide horretan. Alde batetik Aragua ibaiaren zubia pasatu-pagatu behar zen (zubiaren azpitik pasatzen ziren almadiei ere kobratzen zieten kaparrosokoek) eta beste aldetik etapa luzea hasten zen Bardea zeharkatu beharrez. Artaldeak ere, kapartsuak nolabait, ugari pasatzen ziren handik.

Gaur egun errepidea pinudizko bi bandaz inguratuta badago ere paisaiaren idortasuna nabaria da. Paisaia berdeari ohitutako jendeak basamortu bat imajinatzen du/zuen Erribera, ibarreko baratzeak ezagutu gabe.

Errepideak txirrista batean bezala eramaten gaitu gora ta behera, zamarien nekea eta orgazainen juramentuak gogora ekarriz.

Ebroren ibar berdera heldu eta laster Baltierran gaude. Han atentzioa emango digute berehala hegian kokatuak diren kobazuloek. Beste herrietan desagerrarazi egin zituzten, baina honetan, berriz, zaindu, eta batzuk landa-hotel moduan erabiliak dira.

Kobazulo horiek, nahiz eta Erdi Aroan, gazteluen alboan, hasi ziren eraikitzen, ez dira oso antzinakoak. Azken mendeotan herriko etxe gehienak nobleziaren eta jauntxoen esku zeudenez, jende jornalariak kobazuloak egiten zituzten, eskuz eta erreminta arinez, haiekiko uztardura arintzekotan. Laborarien erresistentzia ikurrak dira.

No hay comentarios: